Aste Santuan familiarekin Enkarterriz gozatzeko sei plan
2024-03-24
Aste Santuak etxeko txikienen oporrekin bat egiten du. Sekulako sei plan proposatu nahi dizkizugu Enkarterrin familiarten gozatzeko egun hauetan... edo beste edonoiz. Zurea da aukera!
Abenturak zuhaitzetan
SOPUERTA ABENTURA
Bizi ezazu abentura bat zuhaitzetan! Sopuerta Abentura zuhaitzetan abenturak bizitzeko Euskadiko parkerik handiena da. Hemen, etxeko txikienek primeran pasatuko dute barruan daramaten adrenalina guztia askatu ahala. Tirolinetan ibiliko dira, zubi tibetarrak zeharkatuko dituzte, lianetatik zintzilikatuta aurrera egingo dute eta abordatze-sareetan gora igoko dira. Haurrek eta helduek parkeko zortzi zirkuituetan beren trebetasunak probatzeko aukera izango dute. Garaienak 24 metroko altuera du. Hasiberrientzako bi zirkuitu ere badaude.
Sopuerta Abentura egundoko plana da taldeka gozatzeko, lagunekin zein familiartean. Gainera, parkean bertan oilasko erreak eta bestelako jakiak zerbitzatzen dituen jatetxe bat dago, esperientzia aho-zapore onenarekin biribiltzeko. Jarduera egingo dutenek bakarrik ordaindu behar dute sarrera.
Pozalagua Flashback
KARRANTZA
Bizi ezazu estalaktita eta estalagmitaz beteriko mundu berri bat aurkitu eta arakatzeko zirrara! Igandero, 11:30ean, Karrantzako Pozalagua kobazuloan ilunpetan barneratzeko aukera izango duzu, buruko linterna baten laguntzaz, 1957ko abenduaren 28an haitzuloko aurkitzaileek egin zuten bezala, leherketa batek mendian zulo bat ireki ondoren. Beste aldean, milaka urtez ezkutuan egon zen lurpeko unibertso liluragarri bat zegoen, munduko estalaktita eszentrikoen pilaketarik handienarekin.
Bizkaia Park: piraten lurraldea
GÜEÑES
Bizi ezazu egundoko abentura bat piraten lurraldean! Bizkaia Park Abenturan, familiako txikienek jokoz eta erronkaz beteriko zeharkaldi zirraragarri bati ekingo diote. Zuhaitzetatik eta itsasargi batetik igoko dira, itsaslapurren sareetatik ihes egingo dute eta egundoko txirristetatik jausiko dira. Bitartean, gurasoek umeek bezain ondo pasako dute kortsarioen tabernan.
Parkea Güeñesen dago, Bilbotik 15 minututara, sorpresaz beteriko esparru itxian. 1 eta 15 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta dago, Eta adin bakoitzari moldatutako guneak ditu. Aukera aparta da urtebetetzeak ospatzeko, txangoak antolatzeko edo familiartean primeran pasatzeko.
Artzain egun batez
KARRANTZA
AGORTUTA
Pasa eguna artzain batekin eta artaldearekin! Esperientzia honi esker, 4.000 urte gorako historia duen lanbide baten gakoak ezagutuko dituzu, Karrantza haranean. Etxeko txikienekin gozatzeko pentsatuta dagoena eta Amalur gaztandegian egiten da, Karpin Fauna eta Pozalagua kobazulotik oso gertu. Artzainak gaztandegira eramango zaitu eta artisau-gazta nola egiten duen erakutsiko dizu. Bere artaldea ezagutzeko aukera ere izango duzu.
❱ Topagunea: Amalur gaztandegia (ikusi Google Maps-en)
❱ Noiz: martxoak 30 eta 31
❱ Ordua: 10:30ean
❱ Prezioa: 11 € pertsona bakoitzeko (doan 5 urtetik beherakoak)
❱ Iraupena: 1 ordu
Karpin Fauna
KARRANTZA
Karrantzan, naturaren itxurazko baretasunaren erdian, panterak, katamotzak, oreinak, kanguruak, guanakoak eta beste animalia asko zelatan daude. Karpin Fauna BBK-ko bizilagunak dira. Hemen ingurune segurua eta bizimodu hobea aurkitzen dute. Izan ere, Karpin Fauna animalia basatientzako babeslekua da, bortizkeria edo ezkutuko ehizaren biktimak, jatorrizko habitatera itzuli ezin direnak.
Ez da zoologiko bat; ez du animaliarik hazten eta ez du ikuskizunik antolatzen. Aire zabalean dago, mendian bertan, eta hiru eremu tematikotan banatzen da: Dinosauroen harana, Piztien lorategia eta Animalia, 55 espezie baino gehiagorentzako babesleku pribilegiatua.
Ibilbidea Los Altares ur-jauzira
ARTZENTALES
Ekin familiarekin egiteko ibilbide zirkular honi, Artzentalesko paraje eder eta ezezagunenetako batean barneratzen dena. Ibiltzeko ohitura duen edonorentzat da aproposa, baita seme-alaba txikiak dituzten familientzat ere. Ibilbideak 6 kilometro pasatxo ditu eta ibilerraza eta laua da, desnibel handirik gabea. Baso artetik doan bidezidor bat zeharkatu eta Elurretako Gure Ama baseliza atzean utzi ondoren, erreka bat zeharkatuko dugu, eta, handik gutxira, edertasun handiko txoko batera iritsiko gara: Los Altares ur-jauzira, euri-garaian baino ageri ez dena. Gogoratu: eraman arropa erosoa eta ura!