Kadaguako Ibilbidea
Sekretuz, xarmaz eta naturaz beteriko ibilbidea jarraitzen du Kadaguak Enkarterrin zehar, Balmasedatik Alonsotegiraino. Jauregiak, dorretxeak eta baserriak zeharkatzen ditu ibaiak bere urak Bilboko itsasadarrera isuri arte.
Urek hitz egingo balute...
Kadaguari buruz berba egiten dugunean Enkarterri etortzen zaigu burura, nahitaez. Ibaiaren urak eskualdeko historiaren lekuko eta eragile izan dira mendeetan zehar: merkatariak eta erromesak agurtu zituzten aspaldi batean, gorriz tindatu ziren Erdi Aroan eta sekulako jauregiak eta luxuzko etxeak eraiki ziren bere ertzean zehar geroxeago.
Balmasedatik sartzen da Kadagua Enkarterrin. Bere ur korronteak Boinas La Encartada ehun-lantegiko makineria martxan ipini zuen XIX. eta XX. mendeetan. Hemen hasiko dugu gure ibilbidea, eskualdeko eta Euskadiko jantzirik esanguratsuenaren historiari buruz arituz: txapela.
La Encartada Fabrika Museoak jatorrizko dekorazioa eta dotazio teknologikoa
bere horretan mantendu ditu 1892tik. Lantegiaren eraikin nagusia, makineria eta langileen etxebizitzak garai hartara garamatzagun museo industrial baten parte dira gaur egun, hasierako poleak, uhalak eta turbinekin batera.
Balmasedako alde zaharra Erdi Aroko zubiaren beste aldean dago. Garai batean bidegurutzea izan zen, kostaldea eta barnealdearen arteko derrigorrezko igarobidea. Merkatariek zubia gurutzatzen zuten euren salgaiekin eta zerga berezia ordaintzen zuten herrigunera sartzeko. Hala, merkataritzaren babesean garatu eta Bizkaiko lehenengo hiribildua bihurtu zen Balmaseda 1199ko urtarrilaren 24an.
Bere kaleetan arkitektura estilo anitz elkarrekin ikusteko aukera izango dugu, hala nola San Severino eliza, gotikoa; Horcasitas eta Urrutia jauregiak, barrokoak; edo udaletxea, tokikoek betidanik ‘La mezquita’ deitu izan dutena, inspirazio mudejarreko zutabe-patio bikaina baitu kanpoaldean.
Balmasedako alde zaharreko bi museoak –Historiarena eta Pasio Bizidunaren Interpretazio Zentroa– hiribilduaren historiaren eta tradizioen lekuko dira. Balmasedako Nekaldia ezinbesteko ekitaldi artistikoa dugu, gurutziltzaketaren errealismoa eta herritarren parte- hartze masiboari esker. Euskal Herriko prozesiorik harrigarriena izendatu dute askok eta milaka lagun erakartzen ditu urtero, fededun eta fedegabeak.
Ibilbideak Zallaraino jarraitzen du Kadaguako ertzetik. Bolunburuko olgeta-gunea bikaina da geldialdia egiteko eta indarrak berreskuratzeko. Hemendik oso gertu monumentu-multzo aparta ezagutzeko aukera izango dugu, dorretxe batek, Santa Ana baselizak, burdinola baten hondakinek eta Burdin Aroko kastro batek osatua.
Sineskeria-kontuek sustraitze handia izan zuten Zallan garai batean. Europa osoko ibiltari asko pasa ziren herritik mendeetan zehar. Zalla Artilearen Ibilbidearen parte izan zen, eta baita Santiagora doan Ahaztutako bidearena ere. Elezaharrak dio San Pedro de Zarikete baselizara bide batetik joanez eta bestetik itzuliz begizkoen aurkako babesa aurkitzen zutela erromesek. San Pantaleon baselizan Lucía de Aretxaga auzokoa erre zuen Inkisizioak. Asko dira gertaera honen inguruan kontatutako istorioak.
Enkarterrik bandokideen arteko bortizkeria eta gudak jasan zituen Erdi Aroan. Eskualdean dauden dorretxeak borroka horien lekuko eta parte izan ziren. Murgako jauregia (Zallako Udala bertan dago gaur egun) dorretxea izan zen jatorrian, eta geroxeago orain antzeman dezakegun eraikin barrokoa bihurtu zuten. Udalerriko erdialdean dago, zuhaitz bitxiez beteriko lorategiz inguratuta.
Güeñesen loria handiagoko garai baten aztarnak ikus ditzakegu. Santa María Eliza, elementu gotiko eta errenazentistaz nahasiz, eskualdeko adierazle arkitektoniko garrantzitsuenetako bat da. Baita Villa Urrutia etxea ere. Bere lorategietan ARENATZarte eskultura parkea dago. Bertan naturak eta arteak bat egiten dute
ehun urtetik gorako zuhaitz eta abangoardiako eskulturen artean.
Etxea Leandro Urrutia indianoaren aginduz eraiki zuten. Urrutia Mexikon aberastu zen eta Ameriketatik eta beste bazterretatik zuhaitz eta landare exotikoak ekarri zituen Güeñesera. Lorategiak kutsu erromantikoa du (pergoleta eta urmaelarekin) eta zoragarria da irakurtzeko, erlaxatzeko edo bere pasealekuetatik ibiltzeko.
Indianoak XIX. mendean Ameriketan aberastutako auzokoak ziren, Gordexolan beste inon ez bezala nabarmendu zirenak. Euren etxeak sofistikazio eta bitxikeriaren adierazle apartak dira. Ikaragarriko lorategiak dituzte, palmondoz eta bestelako zuhaitz tropikalez jantzita. Indianoen adibidea jarraituz, Enkarterriko gazte askok Ameriketara jo zuten, hainbeste zorterik gabe. Indianoek herri-lan eta karitateko ekintza ugari finantzatu zituzten, baina sarritan jauntxokerietan erori ziren ere.
Kadagua ibaiak agur esaten dio Enkarterriri Alonsotegin. Bizkaiko herri maldatsuenetako bat da, kirolarien paradisua, Ganekogorta eta Pagasarri mendien oinaldean baitago. Mendi honetan XVII. mendeko elurtegia topatuko dituzte mendizaleek. Elurra biltegiratzeko erabiltzen ziren hozkailuak existitzen ez zirenean. Izotza oso preziatua zen elikagaiak kontserbatzeko, eta aspaldi batean errogatibak egiten ziren XV. mendeko San Antolin baselizan elurra egin zezan.
Kadaguak Bilboko itsasadarrera isurtzen ditu bere urak. Hogeitahamar kilometrotan zehar hiriarekiko gertutasuna, sekulako ondarea eta naturak eskainitako aukera amaigabeak elkartzen ditu Enkarterriko ibairik ezagunenak, sekretuz, xarmaz eta naturaz beteriko ibilbide batean. Ezinbesteko jomuga da kultura eta natura maite dutenentzat.