Aste Santurako ezinbesteko bost bisita Enkarterrin eta Meatzaldean
2024-03-19
Balmasedako Pasio Biziduna da Aste Santuko protagonista nagusia Enkarterri-Meatzaldean. Baina egiteko askoz gehiago ere badago! Behin gurean nahitaez bisitatu behar diren bost leku aurkeztu nahi dizkizugu, Erdi Aroko gotorlekuez, burdinolez, historiak xuxurlatzen dituzten fabrika zaharrez eta kobazuloez betetako lurralde honen esentzia arakatu eta ulertzeko. Laster arte!
Galdames
Rolls-Roycen gotorlekua
LOIZAGA DORREA
Bisitatu munduko beste inon aurkituko ez duzun parekorik gabeko museo bat. Loizaga Dorrea Europako Rolls-Royce bilduma pribatu handiena gordetzen duen Erdi Aroko gotorlekua da. Dorrea Galdamesko mendien babesean dago eta Aste Santu honetan irekita egongo da, Ostegun Santutik Pazko bigarrenera arte (apirilaren 30ean izan ezik).
25 metroko altuera du eta lubaki batez inguratuta dago. Zuhurtzia nahitaezkoa da, dorrearen beste aldean enpresa britainiarrak 1910 eta 1998 artean egindako modelo guztiak baitaude ikusgai, egoera onean eta eskualdeko errepide bihurrietan ibiltzeko prest. Rolls-Royce ibilgailuen 45 unitateez gain, luxuzko beste marka batzuetako hogeita hamar bat auto daude museoan.
❱ Museoa martxoaren 28an (osteguna), 29an (ostirala) eta 31n (igandea) egongo da irekita, baita apirilaren 1ean ere (astelehena).
Karrantza
Sekulako aurkikuntza
POZALAGUA KOBAZULOA ETA DOLOMITAS FABRIKA
Pozalagua kobazuloa (Karrantza) zur eta lur utziko zaituen naturaren miraria da. Ez bakarrik grabitateari desafio eginez norabide guztietan hazten diren estalaktita eszentrikoen munduko pilaketarik handiena izateagatik, baizik eta haitzuloaren historiagatik eta inguruneagatik. Kobazuloa ezezaguna zen eta kasualitatez aurkitu zuten 1957ko abenduaren 28an, Inuzente-egunean, gertuko harrobi batean gertatutako leherketa batek mendia zulatu ostean.
Antzinako harrobia kareharrian zizelkatutako anfiteatroa da gaur. Dolomia hutsa begi-bistan agertzen da, marmola bezain distiratsua. Iraganean, minerala harrobiaren aldamenean birrintzen zuten, eta bertatik Dolomitas fabrikaraino eramaten zuten aireko tranbia baten bidez (Bizkaian martxan egon zen azkena, hain justu).
Antzinako fabrika museoa da gaur egun, eta aireko tranbia eskuz mugitzen zuen polea-sistema erraldoia oraindik ere ikus dezakegu bertan. Lantegian labe garaiak estaltzeko erabiltzen ziren adreilu erregogorrak fabrikatzen ziren, ezinbestekoak Euskadiko industrializazioan.
❱ Martxoaren 26tik apirilaren 7ra arte egongo da irekita, bi egunak barne.
Muskiz
Burdinazko eta suzko ikuskizuna
EL POBALEKO BURDINOLA
Meatzaldeko bihotzean, Barbadun ibaiaren ertzean, El Pobaleko burdinola dago, XVI. mendeko fabrika hidraulikoa. Bertan, Trianoko Mendietako burdina metal bihurtzen zuten era guztietako erremintak egiteko: iltzeak, goldeak, segak, burdin hesiak... eta baita ezpatak ere!
Inguruko Muñatones gaztelutik eskualdea menderatzen zuen leinuak eraiki zuen burdinola XVI. mendean, eta sugarra bizirik mantendu du ordutik. Asteartetik igandera bisita dezakezu El Pobal. Dena dela, larunbatetan eguerdiko 12:00etan, ikusi beharreko erakustaldia eskaintzen du errementariak zuzenean, eraikin zaharra berriz berpiztu eta argiztatuko duena.
Inguruetan, ehunka urte dituzten errota, burdinola eta zubien aztarnak ikusiko dituzu... eta XIX. mendean Filipinetatik ekarritako banbuzko baso exotiko batean barneratu ahalko zara!
❱ Martxoaren 28an (osteguna), 29an (ostirala), 30ean (larunbata) eta 31n (igandea) egongo da irekita. Sakatu orduak ikusteko eta erreserbatzeko.
Balmaseda
Europan parekorik ez duen fabrika
LA ENCARTADA
© Argazkia: Quintas
Balmasedako kanpoaldean (Bizkaiko hiribildu zaharrenean, alegia) Europako ondare industrialaren bitxietako bat dago. La Encartada Fabrika-Museoa 1892an sortutako ehun-fabrika da, gaur egun arte ia-ia bere horretan mantendu dena. Inguru eder batean dago, Kadagua ibaiaren ondoko bihurgune batean.
Fabrikan, artilea lantzen zen eta hainbat artikulu egiten ziren; nolanahi ere, euskal txapela bertan egindako produktu nagusia zen. La Encartadak XIX. mende amaieran Ingalaterratik ekarritako makineria sofistikatua gorde du urteetan zehar; izan ere, Industria Ondarearen Europako Ibilbidea (ERGEE) ekimenaren saria eman zioten fabrikari, haren garrantzia eta ondare-balio bikainak aitortzeko.
Bisitak eskualdeko industrializazioaren hastapenetara eramango gaitu. Lantegiaren inguruan langile-kolonia txiki bat garatu zen, La Encartadan lan egiten zuten familientzako etxebizitzekin eta kapera-eskola batekin. Auzune berean baratze batzuk eta zuzendariaren etxea zeuden, jada desagertuta dagoena.
❱ Martxoaren 28an (osteguna), 29an (ostirala), 30ean (larunbata) eta 31n (igandea) egongo da irekita. Sakatu orduak ikusteko eta erreserbatzeko.
Abanto-Zierbena eta Trapagaran
Lurraren erraietara bidaia
EUSKAL HERRIKO MEATZARITZAREN MUSEOA
© Argazkia: Quintas
Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak 2001ean ireki zituen ateak Gallarta auzoko hiltegi zaharrean, meatzari eta siderurgiako langile izandakoek mendi eta lantegietan bildu zituzten piezak, erremintak, makinak eta dokumentazioa ikusgai jartzeko eta ezagutarazteko xedearekin.
Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren aldamenean, Concha II meatzea dago. Euskadiko aire zabaleko ustiategirik handiena da. Meatzaldeko bihotzean gaude, Europako meatze-barruti handienetako batean. Garai batean, Bizkaiko industria elikatu zuten galeria ugari zabaltzen ziren lurpean.
Gure iragan industrialari buruz gehiago jakin nahi baduzu, martxoaren 28an Zugaztietako auzoan eta meatze-etxean egingo dugun bisita gidatuan parte har dezakezu. Europan hobekien kontserbatutako meatze-herrixketako bat da. Ibiltzen hasi eta gutxira, natura eta paisaiaren ikusgarritasuna eta meatze-aztarna ugari sumatuko ditugu.
❱ Martxoaren 28an (osteguna), 29an (ostirala), 30ean (larunbata) eta 31n (igandea) egongo da irekita. Sakatu Meatzaritzaren Museoaren orduak ikusteko eta erreserbatzeko.