Zur eta lur utziko zaituzten lau bazter Enkarterrin eta Meatzaldean

2024-03-20

Nork espero luke Mexikon diseinatutako eliza batekin topo egitea Enkarterriko mendietan? Edo desagertutako mundu baten hondarrekin? Ez galdu sorpresaz betetako lau ibilbide hauek.

Aldeacueva auzoko eliza

Karrantza

1902_1902iglesiadealdeacueva-es-real-eu-Real.jpg

2.700 biztanle inguru izan arren, 19 parrokia daude Karrantzako haranean... eta horietako askok istorio liluragarriak xuxurlatzen dituzte! Hori da Aldeacueva auzoan dagoen San Bartolome elizaren kasua. Arkitektoak Mexikoko San Migel katedralaren erreplika bat eraiki nahi izan zuen. Planoak itsasontziz ekarri zituzten ozeanoaren beste aldetik, eta, arkitektoaren ospea nabarmena bazen ere, ez zituen bozetoak behar bezala interpretatu. Hala ere, emaitza izugarria izan zen: naturaren erdian altxatzen den katedral-itxurako eliza.

Nolanahi ere, haraneko elizek beste sekretu asko gordetzen dituzte. Zergatik eraiki zituzten zezen-plazak baselizen?  Eta nobleziarentzako eskola bat tenplu baten aurrean? Zer harreman zeukan ikastetxeak Miguel de Cervantes idazlearekin? Istorio hauek eta beste asko kontatuko dizkizugu Karrantzako elizetan barrena egingo dugun bisita gidatu honetan.

Zori onaren elizak: ibilbide gidatua Karrantzan

NOLA HELDU

Apold-Fleisner kiskalketa-labea

Ortuella

1902_1902hornodeortuella-es-real-eu-Real.jpg

Ortuellaz hitz egitea Bizkaiko meatzaritzaren jatorriaz hitz egitea da. Izan ere, Franco-Belga eta Orconera enpresek, garaiko bi meatze-konpainia nagusiek, udalerriko kiskalketa-labe ugarietan burdina tratatzen zuten Bilboko itsasadarreko zamalekuetara trenez eraman aurretik.

Meatze-aztarna guztien artean, siderita kiskaltzeko Apold-Fleisner labe erraldoia nabarmentzen da. Labeak ez du parekorik Europan, eta aurrerapen tekniko nabarmena suposatu zuen bere garaian, fuel-olioa erabiltzen baitzuen ikatzaren ordez, eta erregaia ez zen mineralarekin nahasten. Gainera, hautsa eta kea ateratzeko sistema bat zuen, kiskalketa-prozesuak sortzen zuen kutsadura atmosferikoa murrizteko.

Labearen lurpean badaude ontziralekuaren, mineral-garbitegien eta burdinbidearen hondakinak. Azken honetatik mea garraiatzeko bagonetak igarotzen ziren. Instalazioetan sartzerik ez badaukagu ere, XX. mende hasierako jarduera industrial, sozial eta aldarrikatzaile frenetikoaren oihartzuna entzun dezakegu oraindik ere Meatzaldean.

Burdina eta Mendia: ibilbidea Bizkaiko meatze-bihotzean barrena

NOLA HELDU

El Sauco meatze-auzoa

Galdames

1902_1902barriominerodeelsauco-es-real-eu-Real.jpg

Irudikatu ezazu Galdamesko Mendietatik zabiltzala, malda bat gainditzen duzula eta, bat-batean, eraikin abandonatu baten armazoi ikaragarria ikusten duzula zure begien aurrean. Misterio kutsu batek inguratzen du egitura. Askok diote meatzarien ospitalea izan zela, baina, egia esan, Bizkaiko meatze-barruti handienetako bat kudeatzen zuen administrazio-eraikina zen.

Meatzeek hainbat hamarkada daramatzate abandonatuta, eta naturak ingurua bereganatu du. Harrizko eta adreiluzko eraikin hau harkaitzen eta sastraken artean altxatzen da, eta inguruko gailurretara igotzen saiatzen diren mendizaleak zur eta lur uzten ditu. Tontor horien artean, itxura arrokatsu bitxia duen Pico La Cruz delakoa nabarmentzen da. Inguruko mendigune karstikoek paisaia ikusgarriak zizelkatu dituzte; esaterako, Magdalena kobazulorako sarbidea babesten duen arku naturala. Haitzuloa ezin da bisitatu (horrela eta guzti, ahora iritsi ahal izango zara), baina ibilaldiak merezi du erabat, inguruaren edertasunagatik eta ikuspegi panoramikoengatik.

Ibilbidea Magdalena kobazuloraino

NOLA HELDU

Oxirandoko dorre-jauregia

Gordexola

1902_1902oxirando-es-real-eu-Real.jpg

Oxirandoko dorre-jauregia harrizko jagolea da, Gordexolako Herrerias ibaiaren ertz batetik denboraren joana behatu duena. Dorreko harresiek gudu, azpikeria eta elezaharrei buruzko istorioak gorde dituzte XV. mendean eraiki zutenetik. Eraikinak hiru solairutan banatutako oinplano karratua du, eta dotoreziaz eta misterioz estaltzen du paisaia.

Jabetza pribatukoa den arren, dorrea arakatzea merezi duen inguru batean dago, ibaiaren arroan bertan, iraganean burdinolak ugari izan ziren tokian (hortik izena, “Herreias”). Eskualdean dauden beste dorretxe asko bezala, Oxirandokoa Erdi Aroan Enkarterri gorriz tindatu zuten ahaide nagusien arteko leinu-gerren garaian eraiki zen. Izan ere, talaia horiek Erdi Aroko leinu boteretsuen defentsa-gotorleku eta bizileku ziren aldi berean.

Ibilbidea Gordexolan barrena

NOLA HELDU

Albiste gehiago