Uda honetan argazkiak ateratzeko moduko (eta jendetzarik gabeko) bost bazter

2024-07-21

Irten ohiko zirkuitu turistikotik eta ezagutu argazkiak ateratzeko moduko (eta jendetzarik gabeko) bost txoko Enkarterri-Meatzaldean, Bilbotik oso gertu... Bide batez, "selfie" onena lortuko duzu. Jarraitu irakurtzen bost leku horietara iristeko jarraibideak aurkitzeko.

Relux Leihoa

KARRANTZA

1956_1956relux-es-real-eu-Real.jpg

Relux Leihoa naturaren artelana da. Karrantzan dago, Bizkaia eta Kantabria zedarritzen dituen haitzartean zizelkaturik, eta ez duzu gurutzatu behar… hutsean erori nahi ez baduzu. Uda da Relux Leihoa bisitatzeko sasoirik onena, egun oskarbietan itsasoa ikusten baita.

Beheko estekan arkuraino iristeko ibilbidea aurkituko duzu. Igoerak Bizkaiko haranik zabalenaren ikuspegi ikusgarriak eskainiko dizkigu. Alanbre-hesi batzuk eta hainbat zelai zeharkatuko ditugu haitzez inguratutako bidezidor batera iritsi arte.

Ez dugu arkua ikusiko haren pareraino iritsi arte; beraz, harridura are handiagoa izango da. Leihoaren beste aldean, Kantabriako ekialdeko herriak ikusiko ditugu, eta, egun garbietan, itsasoa ere antzemango dugu.

NOLA HELDU

Ilso mendiko begiratokia

Zalla

"Ilso" hitzak "harrizko mugarria" esan nahi du (lurralde baten mugak zedarritzen dituen seinalea). Ilso mendiko begiratokia eskualdeko tontor mitikoenetako batean dago, hiru udalerriren (Gordexola, Güeñes eta Zalla) arteko mugatik oso gertu. Gailurrean zaintza-dorretxo bat dago, Salcedoko haranaren ikuspegi bikainenetako bat eskaintzen diguna.

Bertara iristeko, Zallako Allendelagua plazan hasten eta amaitzen den ibilbide bati ekingo diogu. Igoeran, baso batean sartuko gara, eta, pistetatik aurrera egin ondoren, dorretxoa ikusiko dugu. Egurrezko egitura bat da, iraganeko suteen aurkako begiratokietan inspiratuta. Inguruetan, beste hainbat mugarrirekin (“ilsoak”) egingo dugu topo, eta harrespil bat ere ikusteko aukera izango dugu, bidezidorren artean ezkutatuta.

NOLA HELDU

Punta Lucero

Zierbena

1956_1956puntalucero-es-real-eu-Real.jpg

Oso garaia ez izan arren (307 metro eskas), Punta Lucerok kostaldearen ikuspegi bikaina oparitzen digu (baita eguzki-sartze gogoangarria ere). Gailurrerako bidea, halaber, gerra-aztarnaz josita dago: bunkerrak, tunelak, kanoiak… Gailurretik begiratuta, ikusgarriak dira ikuspegiak: alde batean, Kantauri itsasoa eta, bestean, Zierbena, mendi artean babestua. Kontu handiz, itsasoaren gainean dagoen irtengunera joko dugu, La Arena hondartza eta Abrako badia ikusteko.

Igoera-bidean, Zierbenako arrantza-portuaren ikuspegia agertuko zaigu, marinel-xarma tradizionala oraindik ere mantentzen duena. Arrantza- eta aisialdi-ontzi ugari daude, jatetxe sorta ezin hobearen zaintzapean. Abiapuntua pixka bat gorago dago, La Cuesta auzoan. Sakatu beheko esteka ibilbideari jarraitzeko.

NOLA HELDU

Banbuzko basoa

Muskiz

Ba al zenekien Muskizen, Kantauriko itsasertzetik oso gertu, banbuzko baso batean barnera zaitezkeela? Oasi berde txiki honek leku urrun eta exotiko batera eramango zaitu. Kanaberak Filipinetatik ekarri zituzten XIX. mendearen amaieran, eta gaur egun Barbadun ibaiaren arroko faunarekin integratzen dira. Monumentu-multzo izendatutako 15 kilometroko ibilbide honetan, antzinako errota, burdinola eta zubi zaharren aztarnak agertuko zaizkizu.

Basotik oso gertu El Pobaleko burdinola dago, XVI. mendetik bere sugarra piztuta mantendu duena. 500 urte baino gehiago igaro ondoren, errementariak objektuak egiten jarraitzen du eraikin zaharrean. Larunbatero, zuzeneko erakustaldia eskaintzen du, iraganerako bidaia bat: suak burdinola biltzen du eta agertoki magiko batera eramaten gaitu. Izan ere, leku honetan iltzeak, goldeak, segak, burdin hesiak eta ezpatak ere egiten ziren aspaldi batean.

NOLA HELDU

Lurraren erraietarako begiratokia

Abanto-Zierbena

1956_1956cortadelaminaconcha-es-real-eu-Real.jpg

Begiratoki hau oso berezia da, eta beste guztiekiko desberdina, eta agian ez duzu bisitatu behar bertigoa baduzu. Gallartako (Abanto-Zierbena) antzinako Concha II meategiaren korta harrigarriaz ari gara. Zeruertzera begiratzen duten beste talaia batzuek ez bezala, antzinako aztarnategiak lurraren erraietarako sarbidea erakusten digu, garai batean burdinez gainezka zeudenak. Begiratokia Meatzaldea Ekoetxean dago, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museotik oso gertu.

Meatzera iristeko, Meatzaldeko panoramika hunkigarriak erakutsiko dizkigun ibilbide bat jarraituko dugu, aztarnategiz, kargalekuz, putzuz eta bestelako aztarnaz beteta Azkeneko meategiak aspaldi itxi zituzten, baina langileen deiadar oraindik ere entzun dezakegu. Tradizioak dio hemen Athleticen garaipenak ospatzeko abesten dugun oihua jaio zela. Aliron! “All iron” antzeko zerbait oihukatzen zuten meatzariek burdin hutsa agertzen zenean, ordainsaria jasotzeko asmoz.

NOLA HELDU

Albiste gehiago