Burdinaren Ibilbidea

Burdinaren Ibilbideak Meatzaldeari izena eta nortasuna eman zizkion oinazezko garai batera garamatza. Aire zabaleko meategiak desagertutako mundu baten adierazgarri dira eta izugarrizko panoramikak laga dizkigute, Bizkaiko industrializazioaren bihotzean.

 

Trapagaranen hasiko dugu ibilbidea, Euskadiko industriaren erraietan. Larreinetako funikularrak garai batean aire zabaleko meategiak izan ziren sekulako sakonuneak agerian uzten ditu. Gaur egun, ordea, aintzirak eta gune berdeak dira nagusi. Hemendik kilometro batera La Arboleda auzoa zabaltzen da. Bertan bikain kontserbatutako meatzari herrixka bat ikus dezakegu, Europan parerik gabekoa, haraneko ikuspegi hunkigarrien artean.

Meategien ustiapenak auzo eta familia ugari lekualdatu zituen indarrez. Ortuellan dagoen Meatzaldea - Peñas Negras Ekoetxeak industriak paisaietan eragindako aldaketak erakustea eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioa handitzea du helburu. Behatoki aparta du meatzaritzak moldatutako ilargi-panoramikaz gozatzeko.

Gallartako auzoraino (Abanto- Zierbena) jarraitzen du ibilbideak. Concha II meategiaren ikuspegi txundigarrien artean, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak urteetan zehar mendietan eta lantegietan jasotako meatze-erreminten bilduma handienetako bat du. Pobrezia, grebak eta iraultzak langileen eguneroko ogi bilakatu ziren behinola eta ospe inkonformista eman zioten lurraldeari.

Ingurumena bere onera ekartzeari ekion dio Meatzaldeak azken urteotan. Muskiz eta Zierbenako kostaldean zehar hedatzen den La Arena hondartza prozesu honen adibide bikaina dugu. Hareatza surfa eta bestelako ur kirolak egiteko leku gogokoenetako bat bihurtu da Kantauri Itsasoan. Hondartzako itsasaldiek izugarrizko atzera-egite espektakulua eskaintzen digute, itsasoko labarren ertzetik bihurka doan Itsaslur pasealekutik primeran ikus dezakeguna.

Hemendik oso gertu, Zierbenako portuak betiko xarma tradizionala gorde du eta arrantza- eta kirol-ontziez gainezka azaltzen da oraindik ere, asteburuetan batez ere. Xelebreak dira badian zehar hain ugari diren marinel- giroko jatetxeak. Sekulako
arrain eta itsaskiak (hegaluzea protagonista hutsa da) dastatzeko aukera bikaina izango dugu giro tradizional batean.

Erromatarrek Enkarterriko meatze-aberastasuna ezagutzen zuten jadanik. Errementarien trebetasuna oso preziatua zen Erdi Aroan. El Pobalek (Muskiz) minerala metal bihurtu du XVI. mendetik. Barbadun ibaiaren arroan dago eta Euskadin jatorrizko makineria –gurpil, hidraulikoa, harrizko hauspo bitxiak eta gabia– mantendu duen burdinola bakarra da. Larunbatetan erakustaldi osoa eskaintzen digu errementariak, aspaldi batean ezinbestekoak ziren eguneroko objektuak sortuz: nabarrak, mailukak, iltzeak, etab.

Meatzaritzaren oinazeek luxuari ematen diote bidea Galdamesen. Mendien artean ezkutatuta, Europako Rolls-Royce bildumarik handiena gordetzen duen XIV. mendeko Loizaga Dorrea dago. 1910 eta 1998 bitartean fabrikatutako modelo guztiak ditu, beste hainbat luxuzko ibilgailuez gain. San Pedro auzoan, gotorlekutik ez oso urrun, Martínez de las Rivas ontzi-jabearen omenez egindako estatua ikus dezakegu. Burdin-meategietako lan-eszenak grabatuta ditu oinarrian eta, adituen arabera, Bizkaiko estatuen artean bikainenetako bat da.

Sopuertan eskualdeko leku adierazgarrienetako bat aurkituko dugu, lurraldearen askatasunen eta singularitatearen adierazle: Abellanedako Batzar Etxea, gaur egun Enkarterrietako Museoa. Bertan eskualdeko herri bakoitzeko ordezkariak elkartu ziren mendeetan zehar. Museoa eskualdeko historia, ondarea eta etnografia ikertzeko eta zabaltzeko gunea da.

La Linde antzinako meatzari auzoan ondare industrial izendatutako bi labe aurkituko ditugu, minerala kiskaltzeko erabiltzen zirenak. Aldamenetan hainbat ibilbide eta olgetarako parkeak ditugu, picnic-ak antolatzeko eta inguruneaz gozatzeko apartak direnak. Ibilbideak Burdin Mendien Bide Berdea du ardatz, Bizkaiko luzeena. Duela hainbat hamarkada eraitsitako meatze- trenaren bidea jarraitzen du 42 kilometrotan zehar. Oinez edo bizikletaz egiteko aukera dugu, eta baita natura betean aktibatzeko makina bat jarduera.

Azkeneko meategiak aspaldi itxi zituzten, baina langileen deiadar oraindik ere entzun dezakegu. Tradizioak dio Trianoko Mendietan Athleticen garaipenak ospatzeko abesten dugun oihua jaio zela: Aliron! ‘All iron’ antzeko zerbait oihukatzen zuten meatzariek burdin hutsa agertzen zenean, ordainsaria jasotzeko asmoz. Gaur egun, gure arbasoen memoria bizirik mantendu eta omentzeko kemena du euskal industriaren bihotzean dagoen Burdinaren Ibilbideak. Izan ere, hemen, Burdin Mendien erraietan, Bizkaiko industrializazioaren sustraiak errotzen dira.

Columna derecha