Bost ibilbide naturazaleentzat
2021-03-26
Plan ezberdina egiteko prest?
Gure mendien falta izugarri sumatzen ari gara! Egunak gero eta luzeagoak dira, eta natura gure aliaturik onena da une honetan, planak aire zabalean eta masifikaziorik gabeko inguruneetan egiteko aukera eskaintzen digulako... Uste baino askoz hurbilago dauden txoko harrigarrietan barneratzera gonbidatu nahi zaitugu. Jarraian, oinez edo bizikletaz egiteko bost ibilbide aurkituko dituzu, zure mugikorrean deskargatzeko edo Wikiloc-en nabigazio-sistemaren bidez doan jarraitzeko
Baljerri mendia Lanzas Agudasetik
KARRANTZA
❱ Ez da harritzekoa zaldiak, pottokak, ardiak eta behi montxinak mendian bazkatzen ikustea.
Baljerri mendiaren gailurra Bizkaiko balkoietako bat da. Punturik altuenak ikuspegi harrigarriak eskaintzen ditu norabide guztietan: alde batean, Burgosko probintzia eta Ordunteko urtegia; bestean, Karrantza Harana; eta, urrutiana, Kantabriako kostaldea, Santoñako badia erreferentzia duela.
Ibilbidea Lanzas Agudas auzoan hasiko da. Bertara auzoz helduko gara eta, segidan, ibiltzeari ekingo diogu. Gure begien aurrean Ordunteko Mendate ikusgarria altxatuko da. Berehala sartuko gara basoz betetako lurretan eta, pixka bat geroxeago, Bizkaiko pagadirik zabalenera helduko gara: Baljerriko pagadira, hain justu.
Baso itxiak eta mendi irekiko zatiak tartekatzen ditu ibilbideak. Larre zabaletan zaldiak, pottokak, ardiak eta behi montxinak bazkatzen ikusiko ditugu. Zurezko seinaleak eta mugarriak jarraituko ditugu, urmael batek bustitako muino batera iritsi arte. Azken ahalegina egingo dugu hemendik Baljerriren gailurrera iritsi arte.
❱ Deskargatu track-a edo jarraitu ibilbidea Wikiloc-en.
Burdinaren ibilbidea bi gurpilen gainean
GALLARTA - BURDIN MENDIAK - GALDAMES
❱ Concha II antzinako meatzea, Abanto-Zierbenako Gallarta auzoan.
Mendiko bizikletari hautsa kentzeko eta Bizkaiko meatzaritzaaren bihotzean sartzeko pentsatutako ibilbidea. Gallartan hasiko gara, eta Galdameserantz abiatuko gara Burdin Mendiak zeharkatuz. Erromatarren garaitik ezagutzen dira mendi horiek, bere erraietako burdinaren ugaritasuna eta kalitatea dela eta.
El Pico de la Cruz Burdin Mendietako gailurretako bat da, eta Galdamesko ikuspegi zabala eskaintzen du bere tontor harritsu eta soiletik. Mendi-magalean Areatzako kobazuloa dago, Paleolitoko labar-pinturekin.
Gallartara itzultzean, Burdin Mendien Bide Berdea –Bizkaiko luzeena– hartuko dugu. Antzinako meatze-trenbidearen trazadura jarraitzen du ibilbideak, eta balio ekologiko handiko eremuetan barneratzen da. Meatze-aztarnak ugariak dira ibilbide osoan, batez ere 15 kilometrotako monumentu-multzoa osatzen duen Barbadun ibaiaren arroan zehar.
❱ Deskargatu track-a edo jarraitu ibilbidea Wikiloc-en.
Monumentu-multzoen ibilbidea
ZALLA
❱ Ibilbidea Kadagua ibaiaren ondotik igarotzen da.
Ibilbide zirkular hau Zallako hirigunetik abiatzen da Bolunburu eta La Mellako monumentu-multzoetaraino, Kadagua ibaiaren ondotikdoan pasealekutik abiatuz. Hainbat burdinola eta errota zahar baten hondarrek, dorretxe batek eta 1610. urteko Santa Ana baseliza ederrak osatzen dute azken Bolunburuko multzoa. Bolunburuko aisiarako gunetik oso gertu dago multzoa. Aparteko lekua da bidean geldialdi bat egiteko, indarrak berritzeko edo Kadagua ibaiaren inguruneaz gozatzeko.
Aurrerago La Mellako monumentu-multzoa dago, XVII. mendeko San Antonio baseliza buru duela. Multzoa Kadagua ibaiaren bi aldeetan, mendi artean, dagoen sakonune batean dago. Multzoa hilobi-kapera pribatuen eredu bitxia da. Aipatutako ermita, Urrutia jauregiak, bi burdinolek, errota batek, hainbat etxebizitzek eta Terreros dorretxeak osatzen dute.
Gure abiapuntura itzuliko gara La Roblako trenbide zaharraren trazadura jarraitzen duen bidegorritik. Hala ere, 500 metroko tarte bat errepide zaharretik igarotzen da. Hemendik oso gertu Zallako aztarnategi arkeologikorik handiena dago: Bolunburuko kastroa, Bigarren Burdin Aroko herrixka gotortua.
❱ Deskargatu track-a edo jarraitu ibilbidea Wikiloc-en.
Gordexolako mendiak
BTT IBILBIDEA
BTT ibilbidea Idubaltza-Bikirrio aldetik, Gordexolan. Mendi-pistak eta bidexkak tartekatzen ditu hasiera batean, Errotaiegarako desbidera iritsi arte. Puntu honetan Aiega ibaiaren ibilguan gora igoko gara. Gero, Errigadasera igotzen jarraiko dugu Ilso Eguenera (564 m) iritsi arte. Ilsoko begiratokiak eskaintzen dituen ikuspegi zoragarriak ikusi ondoren, San Kosmeko atsedenlekuraino jaitsiko da. Hemendik, Gordexolako Molinar plazara itzuliko gara.
El Grazal erreka
SODUPE (GÜEÑES)
El Grazal edertasun harrigarriko paraje ia-ia birjina da, Bilbotik oso gertu dagoena, Güeñesko Sodupe auzoan. Baso oparoz eta fauna anitzez estalitako Biotopo Babestua da. Erreka sakonune batean dago, Eretza mendiaren magalean. Ibilbidean, oso ondo kontserbatutako ibaiertzeko basoa eta baso misto bat aurkituko ditugu. Horiek dira, hain justu, haitzuloz, ermitaz eta beste hainbat aztarnaz betetako ibilbide honen erakargarritasun nagusia.
❱ Deskargatu track-a edo jarraitu ibilbidea Wikiloc-en.
____________
☛ Deskargatu ibilbide gehiago