Enkarterrin bakarrik aurkituko dituzun hiru bazter ikusgarri
2020-08-28
Bilbotik oso gertu
OHARRA: Bisita gidatu guztietan segurtasun-tartea gorde eta maskara erabili beharko da.
Nork dio munduko beste muturrera joan behar dugula leku berezi eta ikusgarriak miresteko? Enkarterrin, Bilbotik oso gertu, beste inon aurkituko ez dituzun hiru toki zoragarriak ditugu. Sekulako panoramikak, Erdi Aroko zubi eta kaleak, ezusteko mendi eta kobazuloak... Bizkaiko mendebaldeko muturrean dagoen lurralde hau Euskadiko eskualde handienetako bat da; beraz, hainbat egun eman genezake lurraldea goitik behera ezagutzen. Gaur bisitaldi laburragoa proposatu nahi dizuegu munduan beste inon aurkituko ez dituzun hiru tokietatik.
Automobilen tenplua
XIII mendeko gotorleku honek Europako Rolls-Royce bildumarik handiena gordetzen duela ba al zenekien? Leku ezin aproposagoa da luxuzko autoak gerizan mantentzeko, Galdameseko mendi eta mahastien artean ezkutaturik. Loizaga Dorrea ingurune xarmagarri batean dago, kostaldetik eta La Arena hondartzatik oso gertu.
Miguel de la Vía bilduma Europako handiena da. Auto guztiak bikainki kontserbatuta daude, abiarazteko eta Enkarterriko errepide bihurgunetsuetan zehar ibiltzeko prest. Dorrea igande eta jaiegunetan bisita daiteke, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 15:00etara. [Informazio gehiago]
Burdinaren bidaia
Enkarterrin hain ugari diren baserriak eta dorretxeak eraikitzeko 3.000 iltze baino gehiago beharrezkoak ziren. Hemen egiten zituzten, El Pobaleko burdinolan, nabarrak, segak eta mailukekin batera. Baita garaiko jauntxoek dueluetan erabiltzen zituzten ezpatekin ere.
Muskizek pizturik mantendu du El Pobaleko sugarra XVI menditik. Burdinola Barbadun ibaiaren ertzeko ingurune eder batean dago, eta asteartetik igandera bisita daiteke. Larunbatetan eguerdiko 12:00etan, ordea, ikusi beharreko erakustaldi osoa eskaintzen du errementariak zuzenean.
Gainera, ekainaren 20tik aurrera, Muñatones gaztelua ezagutzeko aukera izango duzue bisita bakar batean. Bizkaiko ondare arkitektonikoaren elementu nabarmenenetako bat da, Monumentu Multzoa izendatua. Gaztelutzat hartzen den Bizkaiko dorre bakarra da, kanpoko harresi-sistemari esker. [Informazio gehiago]
Lurpeko katedrala
Pozalagua Enkarterriko lurpeko katedrala da, Karrantzako haranaren erraietan dagoen altxor naturala. Zutabe, kolada eta aintziren artean sigi-saga egiten du kobazuloan zeharreko ibilbideak. Sabaitik milaka estalaktita eszentriko erortzen dira. Izan ere, munduko pilaketarik handiena du Pozalaguak. Pasabidearen amaieran egokitutako behatokitik Pozalaguako handitasunaz eta edertasunaz neurriz gabe gozatu ahal izango duzue.
Haitzuloa Armañongo Parke Naturalean dago. Karrantza eta Turtziozeko udalerrien artean zabaltzen den parke honek paisaia karstikoak eta behi eta ardien bazkaleku diren belardiak ditu ezaugarri. Armañongo mikroklima bereziari esker, pagadi hostotsuak eta Mediterraneoko berezko artadi bat hazi dira parkean zehar. [Informazio gehiago]