Balmasedatik Bilbora: Kadaguako ibilbidea
2020-10-04
Kadaguari buruz berba egiten dugunean Enkarterri eta haren historia nahitaez etortzen zaizkigu burura. Ibaiaren urek merkatariak eta erromesak agurtu zituzten, gorriz tindatu ziren Erdi Aroan eta loria berreskuratu zuten sekulako jauregi eta luxuzko etxeen artean. Gaur egun, sekretuz, xarmaz eta naturaz beteriko ibilbide batean zehar gidatzen gaituzte.
Kadagua ibaiaren ibilgutik Bilboko itsasadarrera doan ibilbidea prestatu dugu. Ibaiertzetik doan bidegorriari jarraituz egin ahal izango duzu, nahiz eta tarte txiki batzuetan errepide nagusira atera beharko duzun. 27 kilmetroko ibilbide honek Balmaseda, Zalla, Güeñes eta Alonsotegi zeharkatzen ditu. Oso gertu Gordexola dago, Kadaguaren ibaiadarra den Herrerias ibaiaren urek bustia.
Urek hitz egingo balute...
Kadagua ibaiaren urek ehun urtetik gorako sekretuak gordetzen dituzte. Ibilbide honetan horietako asko ezagutzeko aukera izango dugu: Erdi Aroko zubiak zeharkatuko ditugu, hainbat monumentu-multzotan barneratuko gara, antzinako burdinola eta dorretxeekin topo egingo dugu, sekulako eraikinak miretsiko ditugu eta parketa eta olgetarako eremuetan erlaxatuko gara.
Balmasedako alde zaharrean zehar ibili eta bertako museoak bisitatu ondoren, bidegorria hartuko dugu eta Zallaraino abiatuko gara. Zur eta lur utziko gaitu bidean agertzen den ondare paregabea: lau kilometro eskasetan, Bolunburuko olgetarako eremuaren inguruan, bi monumentu-multzo eta Burdin Aroko herrixka bat aurkituko ditugu.
Zallatik Güeñesera joango gara. Herri honetan arkitektura-eredu harrigarriak eta anitzak aurkituko ditugu natura betean, bata bestea baino deigarriagoa. Santa Maria eliza, barruan pieza ikusgarriak dituena; indiano-etxeak, hala nola Villa Urrutia eta haren lorategiak, gaur egun eskultura-parkea direnak; edo eraikin art déco bat Sodupen, Eretza mendiaren babespean.
Gueñesetik Alonsotegirako bidea baserriz eta dorretxez josita dago. Gotorleku hauek Erdi Aroan lurraldea kontrolatzeko gertatu ziren leinu guduen lekuko izan ziren. Behin Alonsotegin, gure lurraldeko gailurrik mitikoenetako biren hegaletan izango gara. Ganekogorta eta Pagasarri mendi-ibiliak maite dituztenentzako nahitaezko bi jomuga dira.
Ibilbidetik oso gertu Gordexola dago, Kadaguaren ibaiadarra den Herrerias ibaiaren urek bustia. Historiaren aztarnak nonahi agertzen zaizkigu mendiz eta basoz estalitako haran honetan.
❱ San Severino eliza, Balmasedan.
❱ Santa Ana baseliza, Zallan.
❱ La Quadra dorrea, Güeñesen.