Urtea zorionez eta Enkarterrin amaitzeko 6 plan
2022-12-21
Urtea amaitzear dago. 2022an normaltasuna berreskuratu eta berriro ikusi dugu elkar. Urtea zorionez amaitzeko, asmo onak astebete aurreratzea eta plan hauekin Enkarterriz gozatzea proposatu nahi dizugu: selfie bat ateratzea lurpeko katedral batean, paisaia harrigarrien arteko ibilbideak, egundoko esperientzia termala, piraten unibertsoan abentura bat bizitzea eta gorputza berotzea bertoko zaporeekin.
Atera selfie bat Pozalagua kobazuloan
Karrantza
Zer deritozu Pozalaguako kobazuloan selfie bat ateratzeari? Lurpeko katedral honek 65 urte bete ditu abenduan. Egia esan, askoz gehiago ditu, baina 1957ko abenduaren 28ra arte ez zuten aurkitu. Kasualitatez gertatu zen, inguruko harrobi batean leherketa batek mendian zulo bat ireki ondoren.
Urteurrena ospatzeko, "Pozalagua klik" bisitan parte hartu ahal izango duzu, eta zure mugikorrarekin edo kamera profesional batekin Karrantzako zorupeko txoko paregabe hau hilezkortu. Kobazuloak estalaktitaz eta estalagmitaz beteta ohi daude, baina Pozalaguak hirugarren formazio mota bat du, erabat berezia: estalaktita eszentrikoak, milimetro gutxi batzuetako lodiera duten egiturak, edozein norabidetan hazten direnak, mosaiko liluragarria osatuz. Sustraiak edo koralak dirudite! Australiara joan beharko genuke antzeko pilaketarik ikusteko.
Ibilaldia bizikletaz
Balmaseda - Zalla
Ba al zenekien bizikletak alokatzeko zerbitzu berria dugula Enkarterrin? Gama altuko modeloak eskura ditzakezu, konbentzionalak zein elektrikoak, bi gurpilen gaineko edozein erronkari ekiteko. Kasu honetan, oso ibilbide erraza egingo dugu, ezin hobea etxeko txikienekin bizikletan aritzeko. Balmasedatik Zallara abiatuko gara, oinez edo bizikletaz egin dezakegun bidezidor batetik.
Ibilbidea Kadagua ibaiaren paraleloan doa, Santiago de Compostelarako Bide Ahaztuarekin bat eginez (alderantzizko norabidean). Abiatu eta gutxira, La Mella monumentu-multzoa topatuko dugu, ermita batez, jauregi zahar batez, bi burdinolaz, errota batez, etxebizitza batzuez eta dorretxe batez osatua. Aurrerago, Bolunburuko atsedenlekuaren aldamenean, beste monumentu-multzo bat agertuko zaigu, 1610. urteko Santa Ana baseliza buru duena.
Ibilbidea oinez egitea aukeratzen baduzu, egurrezko zubi batetik El Cerco muinorantz apur bat desbideratuz, Burdin Aroko herrixka gotortu batera ailegatuko zara: Bolunburuko kastrora, hain justo (K.a. II. mendekoa). Hala ere, lurra malkartsua denez, EZ dugu gomendatzen kastrora bizikletaz igotzea.
Ura osasuna da
Karrantza eta Artzentales
Murgil zaitez Enkarterriko uretan urtea amaitzeko. Esperientzia indarberritzaile bat bizitzeko aukera eta egun hauetako estresatik deskonektatzeko aukera izango duzu gure ur termaletan.
Karrantzan, Armañongo Parke Naturaleko mendigune karstikoen hegaletan, Vicente Pallotti bainuetxea dago, mendeetako historia eta iturburu propioa dituen balenarioa. Artzentalesen, Amalurrak estresaren aurkako esperientzia osoa eskaintzen digu. Bainu turkiarrak (hamman), saunak, jacuzziak, ur hotzeko ontziak eta bi tenperaturako dutxak osatzen dute bertako spa eremua.
Nolanahi ere, Enkarterriko paraje naturalez gozatzeko aukera izango duzu, mendi-ibilbideak eta beste jarduera asko eginez.
❱ Informazio gehiago (Casa Vicente Pallotti)
❱ Informazio gehiago (Amalurra EkoHotela eta Retreat Center-a)
Piraten unibertsoa
GÜEÑES
Ongi etorri piraten lurraldera. Etxeko txikienak zuhaitzetatik eta itsasargi batetik igoko dira, itsaslapurren sareetatik ihes egingo dute eta egundoko txirristetatik jausiko dira. Bitartean, gurasoek umeek bezain ondo pasako dute kortsarioen tabernan.
Bizkaia Park Abentura Güeñesen dago, Bilbotik 15 minututara, sorpresaz beteriko esparru itxian. Bizkaiko abentura-parkerik handiena da. 1 eta 15 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta dago parkea, adin bakoitzari moldatutako guneak baititu. Leku aparta da urtebetetzeak ospatzeko, talde txangoak antolatzeko edo primeran pasatzeko, bestelako aitzakiarik gabe.
Ibilaldia Punta Lucerora
ZIERBENA
Oso garaia ez izan arren (307 metro eskas), Punta Lucerok La Arena hondartzaren eta Abrako badiaren egundoko ikuspegiak eskaintzen dizkigu. Zierbena eta bertako portua ezagutzeko aukera izango dugu. Udalerria itsas xarma gorde du mendeetan zehar, ontziekin eta taberna eta jatetxe ugarirekin.
Nolanahi ere, pixka bat gorago abiatuko gara (La Cuesta auzotik), udaletxea eta eliza dauden tokitik, eta laster gailurrerako bidea hartuko dugu, gerrako aztarnaz josita dagoena: bunkerrak, tunelak, kanoiak… Gailurrean gaudela, euskal kostaldeko begiratoki natural onenetako batez gozatuko dugu (eta Gabon zaharreko afariari tartea egingo diogu).
Gorputza berotzeko platera
INDABA ELTZEKOA
Oraindik hotza iritsi ez den arren, beti da une egokia gure gastronomiako platerik adierazgarriena dastatzeko: indaba eltzekoa. La Roblako eta meatze-trenetan prestatzen zuten, makinaren lurruna eta triki-taka erabiliz, ezin aproposagoa baitzen gorputza berotu eta indarrak berreskuratzeko. Balmasedako eta Zugaztietako plater tipikoena da.
Enkarterriko produktu bikainenak batzen dira jatorrizko egosketa teknika antzeratzen duen eltzeko batean (putxera delakoa): piperrak, saiheskia, urdaia, txorizoa, Sopuerta edo Gordexolako odolki xelebreak... Pazientzia pixka bat izan beharko duzu, egosketa hainbat ordutan zehar luzatzen baita ikatzeko su txikian. Beraz, ez ahaztu erreserba egitea!